Hitzaldi-solasaldiak “Zientzia merkatuan”

Xehetasunak

Data eta ordua:

6 de urria / 19:00 – 8 de urria / 20:00

Hizkuntza: Euskara.

Streaming-a: bai. Katedratik (TikTok Live).

Egoitza

TOPIC

Euskal Herria plaza
Tolosa, Gipuzkoa 20400 Spain
+ Google Map

Ba al dakizu zein diren piperren etsai nagusiak? Babarruna bezain produktu tradizional bat etorkizuneko funtsezko elikagai bihurtu al daiteke? Zer lotura dago gazta on baten eta larreen kalitatearen artean?

Zientzia ere badago astero merkatuan aurkitzen ditugun produktu askoren artean. Ezagutza hori herritarrengana hurbiltzeko, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Tolosako Udalak “Zientzia azokan” dibulgazio-ekimena jarri dute martxan. Egitasmoak erakusketa ibiltari bat, hitzaldiak eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako lehiaketa eta tailer bat izango ditu. Jarduera urriaren 5etik 19ra egingo da Tolosako hainbat gunetan, hala nola Triangulo plazan, Zerkausian eta TOPIC zentroan, Tolosako azaroko azoka berezi handien atarian.

Ekimenaren barruan, urriaren 6tik 8ra, TOPIC zentroak hiru hitzaldi hartuko ditu, lurraldearekin lotura estua duten produktuen inguruko hainbat ikerketa herritarrengana hurbiltzeko. Besteak beste, Ibarrako piparra, Gernikako piperra, Tolosako babarruna eta Idiazabal gazta izango dituzte hizpide. Hitzaldiak agrobiologiaren, botanikaren eta gastronomia-zientzien arloko profesionalek eskainiko dituzte.

Hiru hitzaldiak 19:00etan hasiko dira, sarrera librea izango da edukiera bete arte, eta euskaraz eskainiko dira. Bertaratu ezin direnek hitzaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dituzte Katedratik EHUko Kultura Zientifkoko Katedraren TikTok kanalean. Informazio gehiago izanez gero, kontsultatu hitzaldien egitaraua.

Egitaraua

Urriak 6, asteartea

Mikel Ojinaga (NEIKER): “Lurzoruko onddoak eta birusak, piperraren etsaiak”

Gernikako piperra eta Ibarrako piparra gaur egun Euskadin landatzen diren piper-mota nagusiak dira. Ameriketatik ekarritako laborea izan arren, bertako baldintza agroklimatikoetara egokituta daude eta gure agrodibertsitatearen parte garrantzitsu bihurtu dira, lurraldearekin lotura estua duten produktu gisa. Hala ere, hainbat faktorek eragin dezakete piper eta piparraren ekoizpenean eta lehiakortasunean; horien artean, landareen osasun-arazoak nabarmentzen dira, bereziki onddoek eta birusek sortutako gaixotasunak. Azken hamarkadetan laboreetan erabili den ekoizpen sistema intentsibo konbentzionalak eta globalizazioak eragin dituzte gaitz hauen agerpena eta hedapena. Hitzaldi honetan gaixotasun nagusiak zeintzuk diren eta hauei aurre egiteko hartu daitezkeen neurriak adieraziko dira.

Mikel Ojinaga Juarez Ingurugiroaren Agrobiologian doktorea da (Euskal Herriko Unibertsitatea). Landare-birusen epidemiologian, genetikan eta hobekuntza genetikoan aditua eta nekazaritza ikertzailea da NEIKER zentro teknologikoan. Bere lana arlo hauetan zentratuta dago: laboreen hobekuntza genetikoan, tokiko barietateen kontserbazioa eta patogenoen kontrola, piperrari eragiten diotenak barne.

Urriak 7, asteazkena

Shuyana Deba (Leartiker): “Babarrunaren azken berri zientifikoak”

Babarrunak mahai askotako protagonista izan dira belaunaldiz belaunaldi, baina iraganeko elikagaiak al dira ala etorkizuneko elikadura erronkei aurre egiteko tresna bat? Azken urteotan, zientziak gero eta arreta handiagoa jarri du lekaleetan. Hitzaldi honetan, osasunari egiten dizkioten ekarpenak, landare jatorriko proteina iturri jasangarri gisa duten garrantzia eta haien inguruan egiten ari diren azken ikerketa zientifikoak ezagutuko ditugu. Babarrunak gure gastronomiaren altxor handienetako bat izateaz gain, tradizioa, berrikuntza eta etorkizuneko elikadura osasungarri eta jasangarria lotzen dituen osagaia direla ikusiko dugu.

Shuyana Deba Rementeria Zientzia Gastronomikoetan doktorea da (Mondragon Unibertsitatea) eta Leartiker zentro teknologikoko Elikagaien garapeneko espezializazio arloko ikerlaria. Elikadura osasungarriagoa, jasangarriagoa eta ekonomia zirkularrarekin lotutako I+G+B proiektuak kudeatu eta garatzen ditu, gaur egungo elikadura erronkei erantzuteko.

Urriak 8, osteguna

Arantza Aldezabal (EHU): “Gazta onik ez larre onik gabe”

Zikloaren azken hitzaldian, “ona” zer den definitzetik abiatuta, giza eta ingurumen-osasunerako onurak izango dira ardatz. Ebidentzia zientifikoetan oinarrituta, Euskal Herriko eskualde atlantiarreko latxa ardien ekoizpen sistemei buruzko ikerketen emaitzak aurkeztuko dira. Bereziki, hemengo larreen eta belardien ezaugarriak eta biodibertsitatea azalduko dira, baita bertako ardien esnearekin eta horrekin ekoiztutako gaztarekin duten harremana ere. Ikerketek erakusten dutenez, larre eta belardi horiek hobeto aprobetxatzeak  esnearen eta gaztaren kalitatea hobetu dezake. Gainera, abereen kudeaketa egokia denean biodibertsitatea ere maila hobeagoan mantendu daiteke.

Arantza Aldezabal Roteta Biologian doktorea da (EHU). EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakaslea da. 25 urte baino gehiago daramatza lurra-landarea-belarjalea interfazea ikertzen mendiko ekosistemetan. Azken urte hauetan, mendiko artzaintzaren iraunkortasunaren ebaluazioan dihardu.