Zientzia Tolosako azokan sartzen da

Ba al dakizu zein diren piperren etsai nagusiak? Babarruna bezain produktu tradizional bat etorkizuneko funtsezko elikagai bihurtu al daiteke? Zer lotura dago gazta on baten eta larreen kalitatearen artean?

 

Zientzia ere badago astero merkatuan aurkitzen ditugun produktu askoren artean. Ezagutza hori herritarrengana hurbiltzeko, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Tolosako Udalak “Zientzia azokan” dibulgazio-ekimena jarri dute martxan. Egitasmoak erakusketa ibiltari bat, hitzaldiak eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako lehiaketa eta tailer bat izango ditu.

 

Jarduera urriaren 5etik 19ra egingo da Tolosako hainbat gunetan, hala nola Triangulo plazan, Zerkausian eta TOPIC zentroan, Tolosako azaroko azoka berezi handien atarian.

 

Merkatuko zientzia, zazpi infografia handitan

 

Urriaren 5etik 19ra, Triangulo plazak “Zientzia azokan” erakusketa ibiltaria hartuko du. Zazpi infografiek osatzen dute erakusketa, euskaraz eta gaztelaniaz daude eginda eta formatu handikoak dira. Gure merkatuetan ohikoak diren produktuen atzean dagoen zientzia erakustea dute helburu. Batzuk astero aurki daitezkeenak dira (ogia, jogurta), besteak sasoikoak: gazta, babarruna, piperra, tomatea eta fruta.

 

Kaleko erakusketak elikagai horiekin lotutako hainbat gai zientifikoko jorratzen ditu, eta ezagutza hori herritarengana hurbiltzea du helburu. Infografiak paneletan dauden QR kodeen bidez eta katedra.eus webgunearen bitartez ere deskargatu ahal izango dira. Eduki horietan oinarrituta, Tolosako hainbat ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 6. mailatik gorako ikasleei zuzendutako lehiaketa bat ere antolatuko da.

 

Gainera, Tolosako azokako Zerkausia gune historikoan larunbatero dauden hainbat postutako ekoizleek erakusketaren edukiak jasotzen dituzten diptikoak banatuko dizkiete merkatuan erosketak egitera datozenei.

 

“Zientzia azokan” EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren dibulgazio-proiektua da, Euskampus Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntzarekin.

 

Piperraren, babarrunaren eta gaztaren zientziari buruzko hiru hitzaldi

 

Urriaren 6tik 8ra, TOPIC zentroak hiru hitzaldi hartuko ditu, lurraldearekin lotura estua duten produktuen inguruko hainbat ikerketa herritarrengana hurbiltzeko. Besteak beste, Ibarrako piparra, Gernikako piperra, Tolosako babarruna eta Idiazabal gazta izango dituzte hizpide. Hitzaldiak agrobiologiaren, botanikaren eta gastronomia-zientzien arloko profesionalek eskainiko dituzte.

 

Urriaren 6an, asteartean, Mikel Ojinaga (NEIKER) ingurumen-agrobiologoak emango dio hasiera hitzaldi-zikloari. Ojinaga piperraren etsai nagusiei buruz hitz egingo du, lurzoruko onddoei eta birusei buruz.

 

Hurrengo egunean, urriaren 7an, asteazkenean, Shuyana Deba (Leartiker) gastrozientzialariaren txanda izango da. Bere hitzaldian, belaunaldiz belaunaldi gure mahaietan presente dagoen babarruna elikagai tradizionala ote den edo, aitzitik, etorkizunean funtsezko elikagai bihurtzeko ahalmena ote duen planteatuko du.

 

Hitzaldi-zikloa urriaren 8an, ostegunean, amaituko da Arantza Aldezabal (EHU) biologoaren eskutik. Saioan, larre eta belardien zaintzaren eta kalitatezko gaztaren artean dagoen lotura azalduko du.

 

Hiru hitzaldiak 19:00etan hasiko dira, sarrera librea izango da edukiera bete arte, eta euskaraz eskainiko dira. Bertaratu ezin direnek hitzaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dituzte Katedratik EHUko Kultura Zientifkoko Katedraren TikTok kanalean. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hitzaldien egitaraua.

 

Gazta nola egiten den ezagutzeko haurrentzako tailerra

 

Programazioak urriaren 15ean, ostegunean, jarraituko du. Arratsaldeko 17:30ean, Idiazabalgo Aranburu Gaztandengiko Olatz Aranburu ingeniari agronomoak Lehen Hezkuntzako 6. mailatik gorako ikasleei zuzendutako tailerra egingo du Tolosako Kultur Etxean. Tailerra Tolosako Gazte Topagunearekin batera antolatuko da.

 

Jardueran, Olatz Aranburuk gazta egiteko prozesuaren lehen urratsak azalduko ditu eta gazte egiten hasiko da gaztetxoekin batera. Tailerrean parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da Tolosako Gazte Topagunean.