Bilbo Zientzia Plaza proposamen berriekin itzuliko da, zientziaz gozatzeko

Euskalduna Bilbao BZP 2026ren agertokietako bat izango da. © Iñigo Sierra | EHUko Kultura Zientifikoko Katedra.

 

Aurten ere, Bilbok udazkenari ongietorria emango dio Bilbo Zientzia Plaza (BZP) dibulgazio zientifikoko jaialdiarekin. Irailaren 16tik urriaren 4ra, BZP festibalak hiria hitzaldiz, erakusketez, eta zientzia-ikuskizunez beteko du. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatuta, BZP festibalak egitarau zabala aurkezten du bederatzigarren edizioan, proposamen errotuak, jarduera eta formatu berrituekin uztartuz.

 

Egitaraua hiriko hainbat gunetan garatuko da, hala nola Bidebarrietako Liburutegian, Bizkaia Aretoa-EHUn, Euskalduna Bilbaon, Arte Ederren Museoko aurrealdean eta EDE Fundazioaren Guruzu Plaza gunean. Programatutako jarduera guztiak doakoak izango dira, tokiak bete arte, baina horietako batzuetan aurrez izena eman behar da.

 

Naukas Bilbao berritu egin da

 

Iaz iragarri zen bezala, berritasunik handiena Naukas Bilbaoren beraren berrikuntza izango da. Estatuko zientzia-dibulgazioko ikuskizun nagusiak formatua berrituko du, edukietan eta hitzaldien iraupenean hainbat aldaketa eginez.

 

Naukas Bilbaoren programa berrituaren barruan, irailaren 18tik 20ra Euskalduna Bilbao jauregiak publiko mota desberdinei zuzendutako hiru jarduera hartuko ditu: Naukas Gazte (ostiralean, hilak 18, goizez, bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta lanbide heziketako ikasleentzat pentsatutako hitzaldiekin); Naukas Bilbao Hastapenak (irailaren 19an, larunbatez, goizeko eta arratsaldeko saioetan, publiko orokorrarentzako hitzaldiekin) eta Naukas Kids (irailaren 20an, igandez, haurrei zuzendutako jarduerekin). Gainera, Naukas Kidsen programazioa hiriko beste gune batzuetara ere zabalduko da, Bizkaia Aretoa-EHUn eta eraikinaren inguruan antolatutako ikuskizunekin.

 

Edizio honetako beste berritasunetako bat da haurrei eta familiei zuzendutako jardueren programa zabaldu egingo dela. Ildo horretan, Naukas Kidsen programazioari BZP Tailerrak ekimena gehituko zaio aurten. Horren barruan ikuskizunak, tailerrak, antzerki-emanaldiak eta lehiaketak antolatuko dira irailaren 24an (osteguna), 26an (larunbata) eta urriaren 4an (igandea), Bizkaia Aretoa-EHUn eta EDE Fundazioaren Guruzu Plaza gunean.

 

Saio bikoitza Bidebarrieta Zientifikoan

 

Jaialdia irailaren 16an, asteazkena, hasiko da Bidebarrietako Liburutegian, Avis Productions-ek ekoitzitako eta Lexeia Larrañagak zuzendutako Natura Bizia dokumentalaren emanaldiarekin. 80 minutuko iraupena duen dokumentalak Euskadi eta Nafarroan barrena egiten du bidaia. Proiekzioaren ondoren, dokumentalaren lantaldeko kideekin solasaldia egingo da.

 

Jarduera hau Bidebarrieta Zientifikoa dibulgaziozko hitzaldi-zikloaren barruan antolatu da. Zikloaren bigarren saioa, berriz, irailaren 30ean izango da, eta entomologian zentratuko da; hau da, intsektuen azterketan. Hitzaldia Beatriz Díaz biologoak emango du, Aranzadi Zientzia Elkarteko Entomologia Saileko ikertzaileak.

 

Intsektuak, edizio honetako protagonista txikiak

 

Intsektuek protagonismo berezia izango dute aurtengo edizioan.  Euren mundu liluragarria ezagutarazteko, hitzaldi-solasaldia, bi tailer eta erakusketa bat antolatu dira. Horren harira, Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoarekin elkarlanean antolatutako Intsektuak. Kontatzen duten guztia erakusketa irailaren 19tik urriaren 4ra bitartean egongo da ikusgai. Bizkaia Aretoa-EHUn egongo den erakusketak intsektuen aparteko aniztasuna ezagutzeko ibilbidea proposatzen du. Animalia-talde horrek ezagutzen diren espezie guztien % 60-70 hartzen du.

Aurten, intsektuek protagonismo berezia izango dute. © Nafarroako Unibertsitarean Zientziak Museoa.

Era berean, erakusketa ikuspegi inklusibo eta irisgarri batetik diseinatu da, eta hainbat baliabide eskaintzen ditu intsektuen mundu liluragarria ahalik eta pertsona gehienengana hurbiltzeko. Erakusketa urriaren 4an itxiko da, Sergi Romeu entomologoak emango duen tailer batekin. Azken jarduera horretan, parte-hartzaileek animaliak gertutik ezagutu eta ukitu ahal izango dituzte.

 

Bilbo Zientzia Plaza (BZP) EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako zientzia-dibulgazioko ekimena da, Euskampus Fundazioaren laguntzarekin eta Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila, Donostia International Physics Center (DIPC), EITB eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoa erakundeen babesarekin. Programatutako jarduerei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu prentsa-dosiera.