Naukas Bilbaoren 2026ko edizioa mugarri izango da proiektuaren ibilbidean. Hamabost urte baino gehiagoren ondoren, estatuko dibulgazio zientifikoko ekitaldi garrantzitsuenak historian zehar egin duen berrikuntzarik handiena egingo du.
Helburua ondorengoa izango da: egituratuagoa, publiko desberdinetara egokitua den eta zientzian puri-purian dauden gaietan sakontzeko aukera emango duen programa eskaintzea, Naukas Bilbaok berea duen dibulgazio estilo gertukoa, atsegina eta bizia galdu gabe.
Aldaketa hau iaz, 15. urteurrenean aurreratu zen; Naukas dibulgazio plataformak eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, ekitaldiaren antolatzaileak direnak, elkarrekin egindako hausnarketaren emaitza da. Aurtengo edizioa irailaren 18tik 20ra egingo da, Bilbo Zientzia Plaza 2026 dibulgazio zientifikoko jaialdiaren barruan.
Aipatutako berrikuntza nagusiak lau ardatz nagusitan oinarritzen dira: egitarauaren antolaketa berrian, hitzaldien formatu berrituan, ildo nagusi tematiko baten eransketan eta jardueretan euskararen presentzia areagotzean.
Hiru egun, hiru proposamen eta hiru publiko
Edizio honetako berritasun nagusia egitarauaren erabateko berrantolaketa da. Programazioa nortasun propioa duten hiru jardunaldi ezberdinetan banatuko da: Naukas Gazte, Naukas Bilbao Hastapenak eta Naukas Kids. Horietako bakoitza publiko jakin bati zuzenduta egongo da, eta haren interesetara egokitutako formatua izango du. Jarduerak Euskalduna Bilbon, Bizkaia Aretoa-EHUn eta erakinaren inguruan egingo dira.
Aurtengo edizioa, irailaren 18an, ostiral goizean egongo dena, Naukas Gazte ekitaldiarekin hasiko da. DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako saioak hamabost minutuko zortzi hizaldi zientifiko labur eskainiko ditu, haien ezagutza-mailara egokituta egongo direnak. Lehen aldiz, egitarauak euskarazko eta gaztelaniazko hitzaldiak uztartuko ditu.
Irailaren 19an, larunbatean, Naukas Bilbao Hastapenak egingo da. Publiko orokorrari zuzendutako jardunaldiak dozena bat hitzaldi eta ikuskizun baino gehiago bilduko ditu, gidari izango duen ildo nagusi beraren inguruan: historiako hastapen handiak.
Edizioa irailarean 20an, igande goizean, amaituko da Naukas Kidsekin. Haurrentzako proposamenak hiru ikuskizun eskainiko ditu. Jarduera guztiak doakoak izango dira, aretoak bete arte.
Formatuaren berrikuntzak
Edizio honetako berritasun nagusietako bat larunbateko hitzaldien planteamendu berria da. Orain arte, hitzaldi bakoitzak gai independiente bat jorratzen zuen. Aurrerantzean, ordea, guztiak gai nagusi beraren inguruan antolatuko dira, eta hari hori urtez urte aldatuz joango da.
Hortaz, Naukas Bilbaoren formatu tematikoaren lehen edizioa hastapen handiei eskainiko zaie. Horri esker, jardunaldiak hasieratik amaierara arteko ibilbide koherentea izango du, eta bertaratutakoek gaien ikuspegi osoagoa eskuratu ahal izango dute. Helburua da hitzaldi solteak elkarren artean lotutako proposamen tematiko bihurtzea, eta ondorioz, publikoaren esperientzia aberastea.
Bestalde, hitzaldien iraupena ere aldatu egingo da. Ohiko hamar minutuko hitzaldiek hamabost minutuko iraupena izango dute hemendik aurrera. Iraupen berri honekin espero da gai bakoitzean gehiago sakontzea, Naukas Bilbaok berezkoa duen erritmo bizia eta dibulgazio estiloa mantenduta.
Hizkuntza-aniztasun handiagoa
Hizkuntzaren eremuan ere berrikuntza nabarmena izango da. Estreinakoz, hitzaldiak euskaraz egingo dira, ostiraleko saioan (Naukas Gazte), baita larunbatekoan ere (Naukas Bilbao Hastapenak). Euskarazko hitzaldietan gaztelaniarako aldi-bereko itzulpena eskainiko da hala nahi dutenentzat.
Aurreko edizioetan, Naukas Kidsek bi hizkuntzetan eskaintzen zituen jarduerak. Aurten, berriz, euskararen presentzia egitarau osora zabalduko da. Euskarazko hitzaldiak Naukas Gazten eta Naukas Bilbao Hastapenak txertatzeak beste urrats bat dakar EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Naukasek programazioan bi hizkuntzen presentzia indartzeko hartu duten konpromisoan.
Berrikuntza horiekin, Naukas Bilbaok etapa berri bati ekingo dio. Egituratuagoa eta publiko desberdinetara egokitutako egitarau baten alde egingo du, zientziaren gai handietan sakontzeko aukera emango duen proposamen baten bidez. Guzti hau, hamabost urte baino gehiagotan proiektua erreferente bihurtu duen dibulgazio-estilo hurbil, arin eta erakargarria galdu gabe egingo da.

