Bilbo Hiria Irratiko “Zientzialari” saioak zuzeneko emanaldi berezi batekin ospatuko du bere 10. urteurrena

Bilbo Hiria Irratia-k Bilboko Kafe Antzokitik zuzenean eskainiko duen emanaldi berezi batekin ospatuko du datorren asteazkenean, martxoaren 11n, 18:30ean, “Zientzialari” zientzia-dibulgazioko programaren 10. urteurrena. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

 

Saioa Jabi Zabala kazetariak eta Xabier Monasterio idazle eta itzultzaileak gidatuko dute. Bi gonbidatu izango dituzte: Iker Badiola biologoa eta Cecilia Fernandez-Altonaga hizkuntzalaria.

 

Badiola, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea, “Zientzialari” saiora itzuliko da lehen elkarrizketa eman eta ia hamarkada batera. 2017an minbizia eta beronen metastasiari buruz aritu zen, programaren lehenengo aurkezlea izan zen Xabier Monasterioren galderei erantzunez. CAF-Elhuyar zientzia-kazetaritzaren arloko lanen saria jaso zuen Monasteriok irratsaio harengatik. Bertan, Badiolak minbizia zer den, metastasia nola gertatzen den eta arlo horretako ikerketa-ildo nagusiak zeintzuk diren azaldu zuen.

 

Gero, Fernández-Altonagak, EHUn eta Pau eta Aturrialdeko (UPPA) Unibertsitatean doktoregaia eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna ikertaldeko kidea eta IKER laborategikoa Baionan, behin eta berriz agertzen den gai bati helduko dio: euskara ikastea beste hizkuntza batzuk ikastea baino zailagoa al da? Hitzaldian azalduko du ez dagoela berez beste hizkuntzak baino zailagoa den hizkuntzarik, baizik eta hizkuntza bat ikastea errazten edo zailtzen duten faktoreak, hala nola, abiapuntuko hizkuntzarekiko distantzia linguistikoa, aurreiritziak -noraberarenak zein gizartean zabaldutakoak- eta pertsona bakoitzaren jarrerak eta motibazioak.

 

Zientzia gizarteratu

 

“Zientzialari” irratsaioa 2015. urtearen amaieran hasi zen emititzen, Zenbat Gara  elkarteak eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, unibertsitate-hedapenerako erakundea. Programaren xedea zientzia jendarteratzea eta haren balioak, historia eta lorpen nagusiak zabaltzea da.

 

Zenbat Gara elkarteak Bilbo Hiria Irratiaren programazioan eduki zientifikoak sartzea nahi zuen eta, horrekin batera, Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleen prestakuntzarako material interesgarria eskaintzea. Horretarako, EHUko Euskara Errektoreordetzara jo zuen. Orduko errektoreordeak, Jon Zaratek, proposamena helarazi zion Katedrako lehenengo zuzendariari, Juan Ignacio Pérez Iglesiasi, gaur egun Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua denari. Horrela sortu zen, antenan dagoeneko hamar urte bete dituen, zientzia-dibulgazioko ekimen hau.

 

2015 urtearen amaieran egin zen lehenengo emanaldi hartatik hainbat eta hainbat zientzia-diziplinatako 140 bat ikertzaile pasa dira, gehienak Euskal Herriko Unibertsitateari lotuak.

 

2015eko azaroan egin zen lehenengo “Zientzialari”-n Kepa Altonaga biologo eta zoologoak Charles Darwin naturalistak biologiaren arloan egindako ekarpena errepasatu zuen. Bigarren irratsaioan, Juan Ignacio Pérez Iglesias fisiologoak animalien aniztasunean eragina duten faktoreak aztertu zituen.

 

Elkarrizketatuen diziplinei dagokienez, biologia izan da gehien jorratu dena (51 kasutan), kimika 16 aldiz tratatu da eta matematikari eta geologiari 14na elkarrizketa eskaini zaizkie. Hamar urteotan elkarrizketatutako pertsonen artean, Naiara Barrado fisikaria, Leire Garmendia ingeniaria, Jose Ignacio Royo matematikaria edota Xabier Murelaga paleontologoa daude, besteak beste.

 

“Zientzialari” 10. urteurrenaren saio berezia martxoaren 11n egingo da Bilboko Kafe Antzokian. Ekimena 18:30ean hasiko da eta 45 minutuko iraupena izango du. Nahi duenak bertan entzun eta ikusi ahal izango du. Zuzenean jarraitu ahal izango da Bilbo Hiria Irratiko webgunean, irratiaren frekuentzian (96.0 FM) eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren Tik Tokean.