15 urte kultura zientifikoa espazio publikoan sustatzen eta ikusgarri egiten

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak atzo bere 15. urteurrena ospatu zuen Bizkaia Aretoa-EHUn egindako ospakizun ekitaldi berezi batean, urte hauetan zehar bere jarduera dibulgatzailearen zati handi bat hartu duen espazio esanguratsuan. Esker-adierazpen gisa antolatutako topaketa honek ehun lagun inguru bildu zituen, tartean, erakundeetako ordezkariak eta Katedraren ibilbidean zehar giltzarri izan diren kolaboratzaileak, kideak eta laguntzaileak, besteak beste.

 

Ekitaldia Kike Amonarriz soziolinguista eta umoregileak eta Reyes Prados kazetariak aurkeztu zuten. Hamabost urte hauetan lortutako mugarri garrantzitsuetako batzuk gogora ekartzeaz gain, gaur egungo gizartean zientziaren eta ezagutzaren dibulgazio sozialak duen zereginaren inguruko gogoeta ere bateratu zuen topaketak. Bi aurkezleek erritmoa, gertutasuna eta umorea erantsi zizkioten Katedraren hastapenetatik gaur egunera arte bere ibilbidea aberastu eta arrastoa utzi duten ahots esanguratsuen elkarguneari.

 

Hastapenak eta elkarrekin egindako bidea gogoratuz

 

Bizkaia Aretoa-EHUko oholtzan hitza hartzen lehenengoa Miren Josune Ariztondo izan zen, 2008 eta 2015 artean Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu izandakoa. Hark gogorarazi zuen Katedra 2010ean sortzea ahalbidetu zuen hasierako bultzada, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EHUren arteko hitzarmen bati esker. Ondoren, Gotzone Barandikaren txanda izan zen; EHUko Transferentzia eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak Katedrak abian jarritako ekimenen garrantzia eta euskarazko dibulgazioarekin zein emakume zientzialarien ikusgarritasunarekin duen konpromisoa azpimarratu zituen.

 

EHUko irakaslea den Marta Machok, Mujeres con Ciencia blogaren editoreak, 2014an sortutako proiektu digital honen bilakaera ekarri zuen gogora. Genero-ikuspegidun dibulgazioaren erreferente bihurtu da ordutik, eta 2024an Zirgari Saria – Berdintasunaren aldeko Proiektua jaso zuen. Halaber, Igor Campillok, Euskampus Fundazioko zuzendariak, unibertsitatearen eta gizarte-ingurunearen arteko lankidetzaren garrantzia izan zuen hizpide, transferentzia-proiektuak bultzatzeko ezinbesteko zutabe gisa. Bestalde, Ione Aranak, Bizkaia Aretoa-EHUko zuzendariak, Katedrak eraikinaren jarduera kulturalaren dinamizazioan duen ekarpena nabarmendu zuen.

 

Gero, Eva Caballero kazetariak, Radio Euskadiko La mecánica del caracol saioaren zuzendariak, komunikabideek kultura zientifikoa zabaltzeko eta desinformazioari aurre egiteko duten eginkizuna balioan jarri zuen.

 

Hamabost urte dibulgazioa, lankidetza eta etorkizuna sustatzen

 

Iker Badiolak, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak, eskerrak eman zizkien Katedraren ibilbidea posible egin duten pertsona eta erakunde guztiei. Era berean, esker hitzak izan zituen Juan Ignacio Pérez Iglesiasentzat, Katedrako lehen zuzendaria izan zenarentzat eta gaur egun Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua denarentzat. Ildo horretan, Badiolak azpimarratu zuen aurreko zuzendariaren “ondare handia” eta kultura zientifikoa demokraziaren zutabe gisa ikusarazteko egindako lana. Gainera, adierazi zuen etapa berri honetan ondare hori sendotzea, begirada zabaltzea eta urrats bat gehiago ematea dituela helburu, “gizartearen esparru gero eta zabalagoetara iristeko eta zientziaren komunikazio inklusiboagoa sustatzeko”.

 

Juan Ignacio Pérez Iglesiasek Katedraren jatorria ekarri zuen gogora eta pozik agertu zen erakundeak hamabost urte hauetan izan duen bilakaerarekin. Amaitzeko, EHUko errektorea den Joserramon Bengoetxeak hartu zuen hitza eta Katedrak unibertsitatearen konpromiso sozialari egindako ekarpena eta komunitate zientifikoaren eta gizartearen arteko zubi-lana goretsi zituen.

 

Era berean, ekitaldian izan ziren Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatua, eta Eider Inunciaga, Bilboko Udaleko Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko arloko zinegotzi ordezkaria.

 

Katedrarentzat funtsezkoak izan diren beste zenbait pertsona ere bertaratu ziren ekitaldira: Iñaki Gorizelaia, EHUko errektorea 2008 eta 2016 bitartean; Pedro Miguel Etxenike, Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeko presidentea; José Antonio Lozano, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroko zuzendaria; eta Ana Zubiaga, Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Euskal Akademiako presidentea.

 

Jardunaldia amaitzeko, Bizkaia Aretoa-EHUko terrazan elkartze bat egin zen oroitzapenak partekatzeko eta azken hamabost urteetan zientzia herritarrengana gerturatzeko egin den lan kolektiboa ospatzeko.