Egoitzetan bizi diren adinekoen ariketa fisikoak irekiko du Zientziaren ertzetik ziklo berria Durangon

Gehiago bizi gara, baina zer egin dezakegu hobeto bizitzeko? Geroz eta nabarmenagoa den biztanleriaren zahartzeak erronka sozial berriak planteatzen ditu, adineko pertsonen osasun fisikotik hasi eta ongizate emozionaleraino eta sozialeraino. Erronkei aurre egiteko, esku hartzeko estrategiak beharko lirateke, adinekoen osasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko.

 

Egoitzetan bizi diren adineko pertsonen kasuan, osagai anitzeko ariketa-programak ezartzeak osasun funtzionala hobetu dezake, indar-errutinak, malgutasuna, erresistentzia kardiobaskularra eta oreka konbinatuz. Gainera, modu erregularrean egokitutako ariketa egiteak mesede egingo lieke ongizate fisikoan eta mentalean, horrek bizi-kalitatean edukiko lukeen eragin positiboarekin.

 

Gai hau argitzeko helburuarekin, jarduera fisikoan eta kirol jardueran irakasle eta ikertzaile den Jon Mikel Picabeak “Egoitzetan bizi diren adineko pertsonengan jarduera fisikoaren onurak” izenburupeko hitzaldia eskainiko du.

 

Adinekoen egoitza batean zortzi astez egindako ikerketa lanaren emaitzak aurkeztuko ditu. Jasotako datuek osagai anitzeko jarduera fisikoak kolektibo horretan dituen onurak erakusten dituzte, eremu fisikoan zein harreman-eremuan. Era berean, adineko pertsonei egokitutako ariketa-programak diseinatzeko eta martxan jartzeko gomendio batzuk partekatuko ditu publikoarekin.

 

Hitzaldia datorren ostiralean izango da, urriaren 3an, 18:30ean, Durangoko Bizenta Mogel BibliotekanEHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Durangoko Liburutegiak antolatutako Zientziaren Ertzetik dibulgazio-zikloaren barruan. Hitzaldia euskaraz izango da eta sarrera librea, lekua bete arte; streaming bidez ere jarraitu ahal izango da EiTBren Orain kanalean.