Bilbo Zientzia Plaza (BZP) ekimenaren zortzigarren edizioak Bilbo hartuko du irailaren 17tik 30era, hiria ezagutza zientifikoa maite dutenen eta profesionalen topagune bihurtuz.
Hitzaldiekin, tailerrekin, ikuskizunekin, bakarrizketekin eta erakusketa eta zineforum banarekin osatutako egitarauan berrogeita hamar dibulgatzailek baino gehiagok hartuko dute parte. Ekintzak Euskalduna Bilbaon, Bidebarrieta Kulturgunean edota Bizkaia Aretoa – EHUn egingo dira eta guztiak doakoak izango dira.
Naukas Bilbao: 15. urteurrena
Beste behin, hitzordu nagusia Naukas Bilbao izango da. 15. urteurrena ospatuko du aurten eta Euskalduna Bilbao zientziaz eta umorez beteko du irailaren 19an eta 20an. Naukas dibulgazio zientifikoko plataformak eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatuta, urteurren edizio berezi honek berrikuntza handiak ekarriko ditu.
Horien artean, nabarmentzekoa da Naukas Pro programa orokorrean murgildu izana. Proposamen horretan, zientzialariek eta ikerketa-zentroetako kideek beren ikerketak eta esperientziak partekatzen dituzte. Besteak beste, Eva Garnica psikiatrak mikrobiotaren eta osasun mentalaren arteko harremana azalduko du eta Judith Rivas matematikariak euskal dantzen eta matematikaren arteko lotura liluragarria.
Ikusleek Naukas Bilbaoren ohiko erreferenteak ere aurkituko dituzte, hala nola Luisma García Escudero biologoa edo Daniel Marín astrofisikaria. Intsektuen begien tolesturen inguruan eta Elon Musk eta Jeff Bezos bezalako teknoligarkek egin duten espazioaren konkistari buruz arituko dira, hurrenez hurren.
Horrez gain, Antonio Martínez Ron kazetariak Eloisa del Pino Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) presidentearekin egingo du solas Euskalduna Bilbaoko auditoriumetik.
Bestalde, haurrentzako ekintzak ere izango dira Naukas Kidsen. Bi ikuskizun zientifiko eta dozena erdi tailer antolatu dira haurrentzat irailaren 21ean Bizkaia Aretoa – EHUn. Igande horretan bertaratzen direnek aukera izango dute zientzia eta magiaz beteriko ikuskizuna bizitzeko, beren planeta sortzeko, itsas hondoa esploratzeko edo etxeko esperimentuen bidez egunerokotasunean erabiltzeko trikimailuak ikasteko.
Bidebarrieta Zientifikoan ikasturte hasiera
Bidebarrieta Zientifikoa zikloak Jesús Álvarez-Herms fisiologoaren konferentziarekin irekiko du denboraldi berria irailaren 17an. Álvarez-Hermsek osasun sistemikoak gizakien garapen biologikoaren oinarri gisa duen ahalmena erakutsiko du, Kilian Jornet atletaren adibidea erabiliz.
EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Kulturguneak antolatutako zikloaren bigarren saioa irailaren 24an izango da. Asteazken horretan, Irati Mitxelena luzera jauzilariak eta CIC bioGUNEko ikertzaileak bere esperientzia azalduko du eliteko atleta bezala.
Erakusketa eta zineforuma Bizkaia Aretoa – EHUn
Irailaren 20tik 30era, Fernando G. Baptista. Infografia zientifikoaren esploratzailea erakusketa egongo da ikusgai Bizkaia Aretoa – EHUn. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bergarako Laboratorium Museoak antolatutako erakusketak Fernando G. Baptistaren “bitxi” infografiko batzuk biltzen ditu. SND Society for News Design erakundeak munduko diseinatzailerik onenaren saria eman berri dio bilbotarrari, National Geographic Magazine aldizkari ospetsuan egindako lanagatik.
Bilbo Zientzia Plazaren zortzigarren edizioa zineforum saio batekin amaituko da irailaren 30ean. Egun horretan, Bizkaia Aretoa – EHUko Mitxelena Auditorioan El enigma Agustina dokumentala proiektatuko da eta, ondoren, dokumentalaren sortzaileak diren Emilio José García eta Manuel González García astrofisikariak, eta Natalia Ruiz Zelmanovitch protagonista, solasaldian arituko dira.
Bilbo Zientzia Plaza (BZP) EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako dibulgazio zientifikoko ekimena da, Bilboko Udalaren eta Euskampus Fundazioaren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren, Donostia International Physics Centerren (DIPC), Metro Bilbaoren eta EiTBren laguntzarekin.
Programatutako jarduerei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu prentsa-dosierra.

