Zerk egiten gaitu gizaki? Nola sortzen dira sinesmen irrazionalak? Edo nola eragiten du gure jatorriak gaur egun garen horretan? Galdera horiek eta giza portaeraren bilakaerari buruzko beste galdera batzuk izango dira Eboluzioa eta neurozientziari buruzko Jardunaldien edizio berriaren ardatz. Maiatzaren 22an eta 23an izango da, Bizkaia Aretoan (UPV/EHU), Bilbon.
Eva Garnica eta Pablo Malo Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko (RSBM) psikiatrek zuzenduta, jardunaldi hauen zazpigarren edizioak giza portaerara bidaia proposatzen du, diziplinarteko begirada batetik. Programak hainbat arlotan interesa duten profesionalak eta pertsonak konektatzen ditu, hala nola psikiatrian, biologian edo arkeologian interesa dutenak, interes komun batekin: giza jokabidea ikuspegi eboluzionista batetik aztertzea. Hitzaldiek 30 minutuko iraupena dute, eta formatu irisgarria, atsegina eta, aldi berean, zorrotza eta eguneratua eskaintzen dute.
Bi egunez, historiaurreko gure arbasoen jokabideetatik hasi eta giza adimenaren gaur egungo erronkak ere aztertuko dira. Besteak beste, honako gaiak aztertuko dituzte: giza kanibalismoa historiaurrean, emakumeek eboluzioan izan duten paper ahaztua, mikrobiotaren eta depresioa, autismoa edo alzheimerra bezalako nahasmenduen arteko lotura, sinesmen irrazional batzuen jatorria edota indarkeria desagerrarazteko aukera.
Horretarako, aurten ere, Estatuko zientzia-panoramako izen handiek hartuko dute parte ekitaldian, hala nola, Palmira Saladié (Universitat Rovira i Virgili) eta Marga Sánchez (Universidad de Granada) arkeologoek, Roberto Colom (Universidad Autónoma de Madrid) eta Hector Garcia (Texas A&M University San Antonio) psikologoek, Victoria de Andrés (Universidad de Málaga) biologoak, Antonio Rosas (CSIC) paleoantropologoak, Ignacio López Goñi (Nafarroako Unibertsitatea) mikrobiologoak eta Javier Jurado (Universidad Pontificia de Comillas), ingeniari eta zibersegurtasunean adituak. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu jardueren egitaraua eta hizlariei buruzko informazioa biltzen duen eranskina.
Izen-ematea
Sarrera doan, aretoaren edukiera bete arte, baina bertaratu nahi izanez gero izen-ematea gauzatu behar da martxoaren 21etik aurrera, kzk.ehu@gmail.com helbidera mezua bidaliz honako datuekin: izen-abizenak eta lantokia adieraziz. Bertaratzeko aukerarik ez dutenek, zuzenean ikusi ahal izango dituzte, streaming bidez, EiTBren Kosmos kanalaren bitartez.
Eboluzioa eta neurozientziari buruzko jardunaldiak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak (BOMS) antolatutako ekitaldia da, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren lankidetzarekin.

