UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak lankidetza hitzarmen bat sinatu du The Conversation plataformarekin, ezagutza zientifikoa mundu mailan zabaltzen duen plataformarekin, Euskadiko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzuteko.
Hitzarmenari esker, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek eta irakasleek Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen galderei erantzungo diete, dibulgazio-artikuluen bidez. Aukeratutako galderak EAEko hiru ikastetxetako 12-18 urte bitarteko ikasle taldeek egin dituzte, lurralde historiko bakoitzeko bana: Bergarako (Gipuzkoa) Aranzadi Ikastola, Gasteizko (Araba) Miguel de Unamuno BHI eta Berrizko (Bizkaia) Berriz BHI. Testu horiek plataformako The Conversation Júnior atalean argitaratuko dira.
Serie honetako lehen artikulua Birus guztiak kaltegarriak al dira? da eta Bergarako Aranzadi Ikastolako DBHko 3. mailako ikasleek egindako galdera bati erantzuten dio. Erantzuna EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko Miren Basaras irakasle eta mikrobiologoaren eskutik etorri da.
Hitzarmen horren barruan, EAEko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakasleei zuzendutako buletin bat sortzea ere aurreikusten da, ikasgelan lantzeko bereziki egokiak diren dibulgaziozko artikuluak jasoko dituena. Ekimen honen bidez, baliabide zehatzak eta, aldi berean, eskuragarriak eskaini nahi dira, gazteen artean zientziarekiko interesa suspertu, irakurketa bultzatu eta pentsamendu kritikoa sustatzeko.