Zientzia-dibulgazioa paisaia kulturalean errotuko du Bilbo Zientzia Plazak irailean zehar

Bilbo ezagutza zientifikoaren erdigune bihurtzen duen ekimena bueltan da. Irailaren 10ean hasi eta 30era arte Bilbo Zientzia Plazak (BZP) formatu ezberdinez osatutako programa zabala eskainiko du Bizkaiko hiriburuko gune ezberdinetan.
 
Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako ekimenak 67 hitzaldi zientifiko, erakusketa bat, antzerki emanaldi bat eta ikuskizun zientifikoak barnebiltzen dituen programa eskainiko du. Elementu horiekin antolatzaileek zientzia-dibulgazioa paisaia kulturalan errotzen jarraitu nahi dute zazpigarren honetan NAUKAS Bilbao, NAUKAS PRO, NAUKAS Kids, Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi zikloarekin eta emakume geologoen inguruko erakusketarekin.
 
Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa duen eta DIPC, Metro Bilbao, EITB eta Euskampus Fundazioaren laguntzarekin antolatu den ekimena Euskalduna Bilbaon, Bizkaia Aretoa-UPV/EHUn eta Bidebarrieta Liburutegian egingo da.
 

NAUKASek zientzia-dibulgazioa Euskalduna Bilbaoko eszenatorika darama

 
 Beste urte batez, Euskalduna Bilbaoko Auditoriumak NAUKASen edizio berri bat hartuko du eta irailaren 19an itsasoari begira egongo den NAUKAS PROrekin hasiko da. Bertan Euskal Herriko Unibertsitateko, Plentziako Itsas Estazioko (PiE-UPV/EHU), AZTIko, CSICeko eta TECNALIAko adituek, egindako azken hizpide ikerketak hartuta, itsasoaren egoeraz, mikroplastikoek sortutako kalteez eta energia berriztagarrien inguruan hitz egingo dute.
 
Hurrengo bi egunetan, irailaren 20 eta 21ean, zientzia-dibulgazioaren ekitaldirik ezagunenaren txanda izango da, NAUKAS Bilbao, alegia. Goiz eta arratsaldez zientziarekin lotutako hamarnaka gaien inguruan arituko dira hizlariak, beti ere NAUKASen formatua errespetatuz: umorez betetako hitzaldi laburrak.
 
Eremu ezberdinetan aritzen diren hizlariek parte hartuko dute ekimenean. Esaterako, Sara García Alonso ESAko astronauten erreserbako kidea, sare sozialetan @elbarroquista goitizenarekin aritzen den Miguel Angel Cajigal arte dibulgatzailea edota estatuko unibertsitate-sistemako ikertzaileak. Horien artean 3 Ikerbasque ikertzaile entzuteko aukera egongo da.
 
Irailaren 22an, berriz, txikienen txanda izango da Bizkaia Aretoa-UPV/EHUn egingo den NAUKAS KIDSen. Aurten bi ikuskizun egingo dira. Horietako lehenean Tor magoak magia eta zientzian oinarritutako ikuskizuna eskainiko du; beste alde batetik, Circonciencia taldeak Jugando con fuego ikuskizunean zientzia, esperimentuak eta umorea erabiliko dute ezagutza zientifikoa helarazteko.
 

Antzerkia eta erakusketa

 
 Bidebarrieta Liburutegia ere BZPren eszenatoki izango da, izan ere zientziaz betetako hilabete honetan Bidebarrieta Zientifikoa zikloa itzuliko da irailaren 25ean. Gainera proposamen ezberdin batekin helduko da: sasimedikuntzaren aurkako alegatua den Soy Jon y estoy muerto antzezlanak minbizia duen eta kimioterapiari uko egiten dion pertsona baten istorioa kontatzen du Javier Fernandez Panadero fisikariak eta Rafa Sánchezek zuzendutako eta antzeztutako lanak.
 
Horretaz gain, Bilbo Zientzia Plazak irauten duen bitartean, irailaren 10etik 30era arte, Bizkaia Aretoa-UPV/EHUn ikusgai egongo da GEAS: lurra aztertzen duten emakumeak erakusketa. Bertan, irudi ezberdinen bitartez, historiako emakume geologo garrantzitsuenen lana ezagutu ahal izango da eta bisita gidatuak ere egingo dira irailaren 24ean (gazteleraz) eta 26an (euskaraz).