Aurtengo BCAM-Naukas jardunaldiak 900 pertsona baino gehiago bildu ditu UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Beste behin ere BCAMek (Basque Center for Applied Mathematics), Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Naukasek Nazioarteko Matematiken Eguna programa anitz batekin ospatu dute.
Goizean Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako tailer matematikoak egin dira eta horietan 800 ikaslek hartu dute parte. Hurbildu direnek kontzeptu matematikoetan oinarritzen den Rubik kuboa nola ebatzi ikasi dute, figura geometrikoekin jolasteko aukera izan dute eta Moebius bandaren sekretuak ezagutzeko aukera izan dute, beste ekintza askoren artean. Arratsaldean, berriz, matematika hizpide izan dituzten hainbat bakarrizketa entzuteko aukera izan dute. Hitzaldi laburretara 115 pertsona hurbildu dira.
Juan Ignacio Perez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariaren ustez, “BCAM-Naukas bezalako ekimenek matematikak espazio publikora eramaten laguntzen dute. Gaurko jardunaldiak matematikak hor daudela eta interesgarriak direla erakusten dute. Uste dut zoriontzeko moduko ekimena dela”.
Jose Antonio Lozano BCAMeko zuzendari zientifikoak adierazi duenez, “zientzialari eta dibulgatzaileek bere aurkikuntzak eta grina publikoarekin partekatzeko aukera izateaz gain, ikerkuntzan bikaintasunarekin eta ezagutza zientifikoa modu guztietan zabaltzearekin dugun konpromisoa ere islatzen du ekimenak. Bizi izan dugun jardunaldia adibide bikaina da zientzia guztiontzat eskuragarria”, zirraragarria eta garrantzitsua izan daitekeela erakusteko”.