Xehetasunak
Data eta ordua:
12 de otsaila de 2019 / 19:00 – 20:00
Egoitza
Bilboko Bidebarrieta Liburutegiak hautapen naturalaren bidezko teoria landu zuen Charles Darwin zientzialariaren jaiotzaren 210. urteurreneko ekitaldiekin bat egingo du otsailaren 12an. Horretarako, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Zirkulu Eszeptikoak Darwinen Egunaren edizio berri bat programatu dute, hizkuntzaren eboluzioa eta suizidioa eta eboluzioaren teoria ildo nagusitzat hartuta.
Aurten hamahirugarren edizioa beteko duen ekitaldia 19:00etan hasiko da Itziar Laka Mugarza UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen saileko katedradunaren eta Pablo Malo Ocejo Osakidetzaren Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareari atxikitako psikiatraren partaidetzaz.
“Hizkuntzaren eboluzioaren inguruan” izenburuko hitzaldian, Itziar Lakak giza-hizkuntzaren jatorriaz eta bilakaeraz azken urteotan metatuz joan den ebidentzia zientifikoa aztertuko du, hizkuntzaren oinarri genetiko eta neurobiologikoak eta gure espeziearen historia hobeto ulertzeko. Ondoren, hizkuntza gizakiengan baino garatu ez izanaren arrazoiak eztabaidatuko dira.
Bestetik, “Suizidioa eta Eboluzioaren Teoria” hitzaldiaren bidez, Pablo Malo psikiatrak argi utziko du suizidioa eta bestelako jokabide autosuntsitzaileak indar eta fenomeno naturalen ondorio direla eta gure izaerari atxikita daudela, intuizioak batzuetan kontrakoa adierazten digun arren.
Horrez gain, gure gizarteak suizidioari buruz dituen balorazioak eta aurreiritziak, bekatutzat eta are delitutzat jo baitu historikoki, gure historia ebolutiboak baldintzatu dituela azalduko du.
Topaketa UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak hilabetero gaurkotasunezko gai zientifikoak ezagutzera emateko antolatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloari atxikita dago.
Gonbidapenak:
Hitzaldi guztietarako sarrera librea eta doakoa da lekuak bete arte, baina aurretik, gonbidapenak eskuratu behar dira liburutegian bertan, otsailaren 7tik aurrera. Gonbidapenak jasotzeko ordutegia 10:00etatik 14:00etara bitartekoa da goizez eta 16:00etatik 20:00etara bitartekoa arratsaldez, astelehenetik ostiralera.
Bertaratzeko aukerarik ez dutenek hitzaldiak streaming bidez ikusi ahal izango dituzte esteka honen bitartez.
Hizlariak:
Itziar Laka Mugarza Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hizkuntzalaritzako katedraduna eta Gogo Elebiduna ikerketa-taldearen zuzendaria da. Honen ikerketak linguistika teorikoa eta psiko-neurolinguistikaren metodologia esperimentala uztartzen ditu hizkuntzaren errepresentazioa eta konputazio neurala aztertzeko, bereziki sintaxiaren eta elebitasunaren inguruan.
Pablo Malo Ocejo Osakidetzaren Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko psikiatra da, psikologia eboluzionistan espezializatutakoa. Aditu hau Psiquiatría Evolucionista: Una introducción liburuaren egilekidea eta Evolución y Neurociencias blogaren editorea da. Egun, Txori-Herri Medical Association irabazi-asmorik gabeko erakundeko kidea da.
Darwinen Eguna:
Darwinen Eguna 2007az geroztik antolatzen da Bizkaiko hiriburuan, eta zientziazaleen ezinbesteko hitzorduen egutegiari atxikita dago egun. Urte hauetan guztiotan, jardunaldiak zientzia eta dibulgazioaren arloko pertsona ospetsuak izan ditu partaide; hala nola, Maria Martinon, Pilar Carbonero, Juan Luis Arsuaga eta Carmen Manzano, besteak beste.
Ekitaldia Zirkulu Eszeptikoak, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Kulturguneak antolatzen dute, El Correo egunkariaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.