Xehetasunak
Data eta ordua:
19 de ekaina de 2019 / 19:00 – 27 de ekaina de 2019 / 20:30
Egoitza
Zenbaitentzat liluragarriak diren artelanak espantagarriak dira beste batzuentzat. Artelan batzuei ez die inork erreparatzen, beste batzuek haserrea eragiten dute, eta badira sentsazio onak eta benetako emozioak sorrarazten dituztenak ere. Gauza bera gertatzen da espazioekin. Zenbait lekutan izugarri gustura gaude, baina beste batzuetan, kanpoan egon behar dugula sentitzen dugu.
Espazioa antolatzeko moduak zuzen-zuzenean eragiten digu, eta gure etxeak, gure auzoak eta gure hiriek nolakoak garen baldintzatzen dute nola edo hala. Alabaina, nola jokatzen du gure pertzepzioak espazio horien aurrean? Zerk baldintzatzen du artelan bat edo espazio bat gustukoa izatea?
Gai hau eta beste batzuk “Zientzia eta artea kalean bertan” hitzaldi-zikloan parte hartuko duten hainbat jakintza-arlotako sei adituk aztertuko dituzte Bilboko Bidebarrieta Liburutegian, ekainaren 19an eta 27an.
Ekitaldi hau Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak hilero ezagutza zientifikoa sustatu eta ezagutzera emateko antolatzen duten “Bidebarrieta Zientifikoa” zikloari atxikita dago.
Artearen pertzepzioa neurobiologia, psikologia eta artearen kritikaren bidez: ekainaren 19an
“Zientzia eta artea kalean” hitzaldi-zikloa ekainaren 19an abiatuko da, 19:00etan, Conchi Lillo neurobiologoak, Patri Tezanos psikologoak eta Elena Vozmediano arte-kritikariak artearen, neurobiologiaren eta psikologiaren arteko harremanak aztertzeko eskainiko duten diziplina anitzeko saioarekin.
Ingurunearen pertzepzioa ingeniaritza, arkitektura eta artearen bidez: ekainaren 27an
Ekainaren 27an, 19:00etan, zikloaren bigarren eta azken jardunaldia egingo da, Santiago de Molina arkitektoa, Christian García Bello artista eta Manuel F. Herrador hormigoi estrukturaleko irakaslea tarteko direla. Hiru hizlari hauek ingeniaritzak eta arkitekturak ohiko esparruen pertzepzioan duten eraginaz mintzatuko dira.
Sarrera librea eta doakoa baina gonbidapenarekin
Zikloko hitzaldi guztietarako sarrera librea eta doakoa da lekuak bete arte, baina aurretik, gonbidapenak eskuratu behar dira liburutegian bertan, ekainaren 14tik 19ra bitartean lehenengo hitzaldirako eta ekainaren 21etik 27ra bitartean bigarrenerako. Gonbidapenak jasotzeko ordutegia 10:00etatik 14:00etara bitartekoa da goizez eta 16:00etatik 19:00etara bitartekoa arratsaldez, astelehenetik ostiralera
Hizlariak
Conchi Lillo biologoa neurozientzietan doktoratu zen USALen eta Salamancako Biologia Fakultateko irakasle titularra da 2011z geroztik. Ikusmenaren neurobiologia ikertzen du INCYL (Gaztela eta Leongo Neurozientzia Institutua) delakoan eta IBSALi (Salamancako Ikerketa Biomedikoko Institutua) atxikita dago. Salamancako Unibertsitateko Mikroskopia Elektronikoaren Zerbitzuko zuzendaria da. 60 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu eta Naukas eta Desgranando Ciencia zientzia-dibulgaziorako plataformekin lan egiten du.
Patri Tezanos neurozientzian espezializatutako psikologoa eta Youtubeko “Antroporama” kanaleko zientzia-dibulgatzailea da. Dibulgazioarekin uztartzen du neurozientziaren arloko ikerketa, Madrilgo CSICen Cajal Institutuan.
Elena Vozmediano, Artearen Historian lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta arteari buruzko kritikak argitaratzen ditu astero El Cultural gehigarrian. Arte Garaikidearen Institutuko kidea da eta Kataluniako arte-galerien elkarteek emandako Arte-Kritikaren GAC 2012 saria eskuratu du. Horrekin batera, IACren Arte Garaikidearen Aintzatespena lortu zuen 2014an.
Santiago de Molina arkitekto doktorea eta proiektuen arloko irakaslea da San Pablo CEU Unibertsitatean eta Alcalako Unibertsitatean. Zenbait liburu argitaratu ditu (“Hambre de arquitectura”, “Arquitectos al margen”, “Múltiples. Estrategias de la arquitectura” eta “Collage y Arquitectura”), eta “Múltiples estrategias de arquitectura” delako bloga zuzentzen du arkitekturari buruzko ikuspegi desberdina eta irisgarria eskaintzeko asmoz.
Manuel F. Herrador Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan Bide Ingeniaritzan lizentziatu eta Coruñako Unibertsitatean (UDC) doktoratu zen eta egun, azken honetan lan egiten du, Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Eraikuntza-Ingeniaritzako irakasle eta ikertzaile bezala. UDCko Eraikuntza Taldeko (gCons) kidea da, baita Zirkulu Eszeptikoko eta Kultura Zientifiko eta Teknologikoaren Komunikatzaileen Galiziako Elkarteko (DivulgACCIÓN) kidea ere.
Christian García Bello artista da, Arte Ederretan lizentziatua, eta Arte Garaikideari buruzko masterra egina du Vigoko Unibertsitatean. Banakako zein taldekako erakusketetan parte hartu du ARCOMadrid eta ARTBO bezalako azoketan. Egoitza artistikoetako proiektuak garatu ditu Belgikan, Erbeheretan eta Errusian. Gainera, hainbat lehiaketatan aukeratu eta saritu dute; besteak beste, Galiziako Auditoriumak eta María José Jove Fundazioak antolatutakoetan.