Xehetasunak
Data eta ordua:
10 de martxoa de 2021 / 18:30 – 20:00
Egoitza
Azken urteotan, asko zabaldu da Pi Eguna deritzon ospakizuna, munduan dagoen konstante matematikorik garrantzitsuenetakoaren oroimenez. Eguna, matematika oro har omentzeko moduko ospakizun bihurtu delarik. Horren harira, 2019ko azaroaren 26an, UNESCOk martxoaren 14a Matematikaren Nazioarteko Eguna izendatzea onartu zuen.
Matematikak harreman estuak ditu fisika, osasuna, ingeniaritza, geometria, geologia eta beste hainbat diziplina zientifikorekin, baita artearekin ere, eta harritzeko moduko aplikazio praktikoak ditu gure eguneroko bizimoduan.
Zientzia honen garrantzia, baliagarritasuna eta edertasuna ezagutzera emateko asmoz, asteazkenean, martxoak 10, ‘Martxoa, Matematikaren hilabetea’ delako proiektuaren barruan, Basque Center for Applied Mathematics-BCAM zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Kultura Zientifikoko Katedrak ‘Haπ Day! Matematika ospatzen’ ekitaldia antolatu dugu Bidebarrieta Liburutegian, bost hitzaldi laburrekin.
Ekitaldia 18:30ean hasiko da, Radio Euskadiko Javier San Martin kazetariak eta zientzia-dibulgatzaileak aurkeztuta. Ekimenak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko – Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) laguntza du eta online zein liburutegiaren bertan gozatu ahal izango da.
Hitzaldi dinamiko eta hurbilak izango dira, 10 minututik 15era bitartekoak, eta matematikaren izaera liluragarria jendeari hurbiltzea dute helburu. Horietan, matematikaren zenbait aplikazio erakutsiko dira, hala nola, bihotzaren funtzionamendua ulertu ahal izango da, mapa bat tolestean sortzen den matematika, matematikaren edertasunaren eta erabilgarritasunaren arteko harremana, pi zenbakian inspiratutako artelanak edota Möbiusen banda harrigarriaren ostean dagoen magia ere.
Matematika ikasteko bakarrizketak
Lehenengo hitzaldia, “Doblanco mapas” (Mapak tolesten) izenburua duena, Pedro Alegría irakasleak emango du. Pedro Alegría UPV/EHUko analisi matematikoaren arloko irakasle titularra da eta mapa bat tolesteak matematikaren ikuspegitik eskaintzen dituen arazoak aztertzeko asmoz, mapa bati zenbat tolestura egin ahal zaizkion, nola gizentzen den tolestu ahala edota zenbat modutan tolestu ahal den azalduko du.
Nicole Cusimano Matematika aplikatuetan doktoreak hartuko du lekukoa jarraia, “Maths is where the heart is. Cómo las matemáticas ayudan a entender el funcionamiento del corazón” (Maths is where the heart is. Nola laguntzen du matematikak bihotzaren funtzionamendua ulertzen) hitzaldiarekin. Nicole Cusimano BCAMen ari da doktorego-ondokoa egiten, diziplina anitzeko aplikazioek dituzten eredu matematikoei buruzko ikerketa arloan. Hitzaldian, bihotz-gutxiegitasunari lotutako hainbat gai jorratuko ditu.
Arratsaldeko hirugarren hitzaldia, BCAMeko Geometria Aljebraikoaren eta Singularitatearen ikerketa-lerroa zuzentzen duen Javier Fernández de Bobadilla doktoreak emango du, “matematikaren edertasuna pazientzia gehien duten jarraitzaileei baino ez zaiela agertzen” frogatzeko. Hitzaldiaren izenburuak dioen bezalaxe, eta horretarako, geometriak historian izan duen garrantziaz eta jakin-minak eraginda garatutako matematikaren balioez hitz egingo du.
Ondoren, Raúl Ibáñez UPV/EHUko Matematikako irakasle titularrak eta zientzia-dibulgatzaileak, matematika artearekin lotuko du eta zenbait artistak pi zenbakia artea sortzeko tresnatzat erabili dutela frogatuko du, “Pi Art: creando arte con el número Pi” (Pi zenbakiarekin artea sortzen) izenburuko hitzaldian.
Arratsaldeko azken hitzaldia Marta Macho doktoreak emango du. Marta Macho matematikaria da, UPV/EHUko irakaslea eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedraren Mujeres con ciencia blogaren editorea. “Matemáticas ‘retorcidas’: la cinta de Möbius” (Matematika ‘bihurria’: Möbiusen banda) hitzaldia emango du eta bertan Möbiusen bandaren propietate harrigarriak azalduko ditu, eguneroko jardunari lotutako adibideen bidez.
Gonbidapenak erreserbatzea
‘Haπ Day! Matematika ospatzen’ UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak bultzatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa izeneko hitzaldi-zikloari atxikita dago, ‘Martxoa, Matematikaren hilabetea’ delako proiektuaren barruan, eta modu presentzialean nahiz streaming bidez –KulturguneaTB kanalaren bitartez– jarraitu ahal izango da.
Solasaldia liburutegian eta zuzenean ikusi nahi dutenek sarrera online eskuratu behar dute aurretik Bilbao Kultura webgunean. Sarrerak doakoak dira.