Xehetasunak
Data eta ordua:
21 de apirila de 2021 / 19:00 – 20:30
Egoitza
Gure ahotsa ordezkatzeko aukera dago? Utopia dirudien arren, aurrerapen teknologikoen harira pentsa liteke, etorkizunean, ahotsa galdu duten pertsonek berriz ere hitz egin eta komunikatzeko aukera izango dutela ahots sintetikoen bitartez.
Ahots sintetikoa deritzon sistema uste baino metodo ohikoagoa da. Azken urteotan, ahots artifizialak agertuz joan dira hainbat zerbitzutan: aireportuan, hurrengo hegaldiak iragartzeko, zenbait konpainiaren telefono bidezko arreta-zerbitzuetan edota GPSaren jarraibideetan.
Kasu askotan, hain naturalak diruditenez, ez dugu pentsatzen ahots sintetikoak izan daitezkeenik. Baina zer gertatuko litzateke ahotsa galduko bagenu? Teknologia hau erabiltzera ausartuko ginateke komunikatzeko? Horretarako aukera egongo litzateke?
Galdera hauei erantzuten saiatuko da Inma Hernaez Rioja ingeniaria “Ahots sintetiko pertsonalizatuak, ahotsa galdu dutenei hitza emateko” izenburuko hitzaldian, apirilaren 21an, 19:00etatik aurrera, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.
Inma Hernaez Rioja, ahotsaren prozesu digitalean espezializatu eta euskarazko ahotsa sintetizatzeko AhoTTS sistema sortu duen Aholab Signal Processing Laboratory ikerketa-laborategiko zuzendaria da. Hitzaldian, ahots sintetikoei eusten dien teknologia noraino aurreratu den azalduko du, hainbat arrazoiren ondorioz ahotsa galdu duten pertsonen komunikazioa eta ongizatea hobetzen nola lagun dezakeen argituz.
Gonbidapenak erreserbatzea
Hitzaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak bultzatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa izeneko hitzaldi-zikloari atxikita dago eta modu presentzialean nahiz streaming bidez –KulturguneaTB kanalaren bitartez– jarraitu ahal izango da.
Solasaldia liburutegian eta zuzenean ikusi nahi dutenek sarrera online eskuratu behar dute aurretik Bilbao Kultura webgunean. Sarrerak doakoak dira.
Hizlaria
Inma Hernaez Riojak Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan. 1987an Bilboko Ingeniaritza Eskolan irakasle lanetan hasi zen, besteak beste, UPV/EHUko Telekomunikazio Ingeniaritzaren titulazioa ezartzen laguntzeko. Irakaslea, ikertzailea eta horrez gain, Seinalearen Teoria eta Komunikazioetan katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean.
Egun, Aholab Signal Processing Laboratory erakundeko zuzendaria da, eta bertan jorratzen dituen ikerketa-ildoen artean, honako hauek nabarmen daitezke: ahotsa sintetizaru, bihurtu eta eraldatzeko teknikak; hizketa-teknologien aplikazioa bigarren hizkuntzen irakaskuntzan (ahoskeraren ezagutza, egiaztapena eta ebaluazioa); eta desgaitasunen bat duten pertsonei hizketa-teknologiez baliatzeko aukera emango dieten estrategien garapena.