Xehetasunak
Data eta ordua:
10 de azaroa de 2023 / 18:30 – 20:00
Egoitza
Aurreikuspenen arabera hiru emakumetik batek minbizia izango duen bere bizitzan zehar. Gizonezkoen kasuan gaitzaren intzidentzia %50era arte heltzen da. Beraz, agerikoa da gaitza ezagutzeko beharra eta horren erakusle da gaur egun minbizia hainbat ikerketa zientifikoren erdigunean dagoela.
Hain zuzen ere, Iker Badiola Biologian doktorea eta UPV/EHUko ikertzaileak gai horren inguruan hitz egingo du Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekak elkarlanean antolatutako Zientziaren Ertzetik hitzaldi zientifikoen zikloaren saio berri batean.
Badiolak kolon eta ondesteko minbizia ikertu ditu bere ibilbide profesionalean eta azaroaren 10ean, 18:30ean, “Minbiziaren mekanismoak ezagutzeko ibilbidea” hitzaldia eskainiko du Durangoko Bizenta Mogel liburutegian. Minbizia zer den, zergatik den hain hilkorra edota metastasia zertan datza azalduko du.
Sarrera librea izango da edukiera bete arte. Horrez gain, solasaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da EiTB Kosmos atarian.
Hizlaria
Iker Badiola (Ondarroa, 1978) Biologian lizentziatua eta doktorea (UPV/EHU) da. Bere ibilbide profesionalean kolon eta ondesteko minbiziak sortutako gibeleko metastasia ikertu du. 30 artikulu zientifikoren egilea da eta 4 liburu argitaratu ditu; horietako bat, “El Cangrejo de Troya” izenekoa, minbiziaren oinarri zelular eta molekularrak azaltzen dituena. Horretaz gain, bi enpresa bioteknologikoren sortzailea ere izan da.