Mikroalgak, etorkizun handiko organismo txikiak

Xehetasunak

Data eta ordua:

6 de apirila de 2022 / 19:00 20:30

Egoitza

Bidebarrieta Liburutegia

Bidebarrieta kalea, 4
Bilbao, Bizkaia
+ Google Map

Planetako ur guztietan, gozoetan zein gazietan, tamaina txiki-txikia baina potentzial handia duten organismo fotosintetikoak hazten dira. Mikroalgak dira, eta horien printzipio aktiboak hainbat elikagai, sendagai eta produktu kosmetikotan aurki ditzakegu egun, oso onuragarriak baitira osasunarentzat proteinen kontzentrazio handiagatik eta haien propietate antioxidatzaileengatik. Kontsumo hutsaz harantzago, egun, energia berdea ekoizteko eta nekazaritzarako ongarritzat ere erabiltzen dira, eta datozen urteotan, haragiaren ordezko nutrizio-iturri osasungarri eta ekonomikoa bihur daitezke, etorkizuneko balizko gainpopulazioaren ondorioak arintzeko.

Ezagunenak dira espirulina, nutrizio-gehigarritzat duen erabileragatik modan jarri dena, eta chlorella deritzona, baina mikroorganismo horien 30.000 espezie baino gehiago daude. Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bildumak (BMCC) Bilboko Itsasadarretik, Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik eta geure inguruko beste ur-ingurune gozo eta gazietatik ateratako hainbat espezieren 600 andui baino gehiago ditu. BMCCk hainbat erakunderi laguntzen die barietateak identifikatzen eta biomedikuntzan, kosmetikan, nekazaritzan zein elikaduran izan ditzaketen aplikazio berriak aztertzen.

Organismo txiki horien egungo erabilerak eta etorkizunean izan ditzaketenak jendaurrean azaltzeko asmoz, Sergio Seoane Parrak, BMCCko zuzendari eta UPV/EHUko Ekologia Saileko irakasle titularrak, “Mikroalgak, etorkizun handiko organismo txikiak” izenburua daraman hitzaldia emango du datorren asteazkenean, apirilaren 6an, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.

Hitzaldian, mikroalgen ezaugarri eta aplikazio nagusiak deskribatzeaz gain, BMCCko zuzendariak mikroalgei lotutako arazo batzuk azaldu eta bioteknologiaren arloan baliabide bezala izan ditzaketen erabilerak aztertuko ditu; adibidez, bioerregaiak eta bestelako bioenergia-iturriak ekoizteko, ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako ekoizpen jasangarriagoa lortzeko asmoz.

Sarrera

Hitzaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak bultzatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloari dagokio. Aurrez aurre ikusi ahal izango da, baita streaming bidez ere, KulturguneaTB kanalaren bitartez. Sarrera librea da, ez da gonbidapenik eskuratu behar aurretiaz, eta lekuak bete arte sartu ahal izango da.

Hizlaria

Sergio Seoane Parra, Biologian doktoratua, UPV/EHUko Ekologia Saileko irakasle titularra da, baita Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bildumako (BMCC) zuzendaria ere. Fitoplanktonaren ekologian eta taxonomian aditua, haptofitei buruzko doktorego-tesia landu zuen, Bilboko Itsasadarrean dagoen talde fitoplanktoniko txiki hori aztertuz. Fitoplanktonari buruzko hainbat proiektutan parte hartu du, uren kalitatearen adierazletzat hartuz, eta berrikitan, alga toxikoak eta mikroalgen aplikazio bioteknologikoak aztergai dituzten ikerlanak egin ditu.